- Azkoitiko parrokiak Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiko ikasleen emanaldi bikoitza hartuko du bihar. Bi kontzertuetarako sarrera librea eta doanekoa izango da.

Hasteko, Musikeneko organo eskolako hiru ikasle (Víctor Perea, Oscar Rodríguez eta Ignacio Araquistain azpeitiarra) parrokiako Cavaille-Coll organoaren aurrean eseriko dira (16.15ean) eta César Franck, Maurice Duruflé, Julius Reubke eta Jean Guillou konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Horren ondoren, Magdalena Lewok organistak eta Gabriel Tirpiana tronpeta-jotzaileak osatzen duten Golden Skies taldearen kontzertua egongo da (20.00etan) parrokian. Musikenetik jakinarazi dutenez, "Golden Skies taldea aurten sortu da Interpretazio Masterrean, ganberako musikako irakasgairako taldea sortu behar zelako". Irakasgairako sortu bazen ere, "soinu esperimentazio eremu bat izaten amaitu du".