- Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzeko asmoa azaldu du Azpeitiko Udalak. Plan horren helburuak "integrazio, partaidetza eta ebaluazio printzipioekin bat datozen etorkizuneko estrategiak zehaztea, desplazamenduak burutzeko modu jasangarrienak sustatzea, gizarte kohesioa eta ingurumenaren defendatzea, eta udalerrian bizi, lan egin edo bere aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatzea" dira.

Edonola ere, Mugikortasun plana berritzerakoan, Udalak bi "printzipio nagusi" izango ditu kontuan: "Herriko irisgarritasuna hobetzea eta garraioaren eragina gutxitzea". Hori lortzeko hainbat ildo jorratu beharko ditu eta horien artean ondorengoak nabarmendu daitezke: ekoizpen-sistemaren lehiakortasuna hobetzeko garraio-eredu eraginkorrago bat eratzea; gizarte-integrazioa handituz, irisgarritasun unibertsalagoa ematea; herritarren bizi-kalitatea hobetzea; herritarren osasun-baldintzak arriskuan ez jartzea; desplazamenduetan segurtasun handiagoa ematea eta mugikortasun-eredu iraunkorragoak ezartzea.

Udaletik jakinarazi dutenez, Azpeitiko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plan berria hiru fasetan egingo da: "Lehen fasean gaur egungo egoeraren analisia eta diagnosia egingo dira; bigarrengoan ekintza plana osatuko da; eta hirugarrengoan plana tramitatuko da".