- Sanagustin kulturgunearen 10. urteurrenaren harira eratutako Herri Batzordeko kideek (Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek osatzen dute) kultur ekipamenduaren aurreneko hamarkada ospatzeko antolatutako egitaraua aurkeztu zuten astelehenean, urte hasieratik lanean jardun ondoren.

Ospakizuneko programa Azpeitiko Sanagustin kulturguneak 10 urte izenburupean gauzatuko da, hilaren 10etik uztailaren 24ra bitartean, eta mota ezberdineko sei ekitaldirekin disfrutatzeko aukera emango du.

Herri Batzordeko kideek jakinarazi zutenez, "kulturgunearen irekiera eta bilakaera" gogoratuko dute Sanagustinen 10. urteurren honetan. Hori bai, ez dira ibilbidea aztertzera mugatuko "etorkizunerako begirada bat ere izan nahi dugulako", beti ere, "herriko kultur komunitateak bide berriei eutsi ahal izateko".

Bestalde, herri batzordeak bi dei berezi egiteko aprobetxatu zuen asteleheneko agerraldia. Batetik, hilaren 10ean Sanagustinen zabalduko duten argazki erakusketarako argazkiak bidaltzeko: "Hamar urte hauetan kulturgunean izandako bizipenak jaso nahi ditugu, modu grafiko batean, eta irudiak sa10urteargazkitan@gmail.com helbidera edo Whatsappez 674 165 682 telefono zenbakira bidal daitezke". Bestetik, lehen nazio jardunaldirako (maiatzaren 28an izango da, kultur artikulazioari buruzkoa) izena emateko eskatu dute: "herritarrek gaurtik aurrera dute horretarako aukera". Partaidetza doanekoa da eta Azpeitiko kultur taldeek hilaren 9ra arte dute apuntatzeko aukera.

Hilaren 10ean irekiko den eta uztailaren 24ra arte ikusgai izango den argazki erakusketarekin, eta kultur artikulazioaz hilaren 28an egingo den jardunaldiarekin batera, beste lau ekitaldi egingo dira kulturgunearen 10. urteurrena ospa-tzeko. Hala, hilaren 28tik 30era bitartean Kultur Zuhaitz Eguna izango da Udaletxeko arkupeetan; ekainaren 18an Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala egingo dute; ekainaren 25ean Herri ekimena eta kooperatibismoa jardunaldia ospatuko da eta uztailaren 24an Sanagustin kulturgunearen hamargarren urteurreneko ekitaldi ofiziala izango da.