Azpeitia | Mendizaletasuna erronka gisa

20.03.2021 | 00:27
Ikastetxeetako, Udaleko eta mendizaleen elkarteko ordezkariak egitasmo berria aurkezteko egindako agerraldian. Argazkia: N.G.

inguruko tontor eta txokoak gazteenen artean ezagutarazteko egitasmoa antolatu dute Azpeitian

Bere sorreraren 75. urteurreneko ospakizunetan murgilduta, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak mota ezberdineko ekintzak jarri ditu abian urte berriarekin batera. Azkena, herriko lau ikastetxeen eskutik eta Udalaren babesarekin "herriko haur eta gaztetxoen artean mendizaletasuna eta aisialdi osasuntsua bultzatzeko" sortu berri den Inguruko tontor eta txokoak izeneko egitasmoa da.

Ekimen horren antolakuntzan murgilduta dauden eragile ezberdinetako ordezkariek joan den ostegunean egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, egitasmoak helburu desberdinak baditu ere, oso sinplea da: "Herriko txoko eta tontor desberdinetara joateko erronkari heldu eta bertan argazkiak ateratzea".

Udaletik esandakoari eutsiz, "mendiz inguratutako herria da Azpeitia, baina inguruko mendi eta parajeak gero eta gutxiago ezagutzen dituzte herritarrek". Gabezia horri erantzun eta konfinamenduak haur eta gazteengan eragindako kalteei aurre egin asmoz sortu da Lagun Onak, herriko lau ikastetxe eta Udalaren arteko elkarlan hau. Izan ere, "konfinamenduak lehenik, eta eskola kirola egiteko debekuak ondoren, ikasleen osasunean eragin nabarmena" izan duela uste dute antolatzaileek.

Ekimena, apirilean hasiko da eta urrira arte luzatuko da. Hala, Lagun Onak Mendi Bazkunak hilero botako die erronka herriko gaztetxo eta familiei: "Hilabete bakoitzean hiru edo lau lekutara joanez ingurua ezagutzea izango da erronka eta hau osatutzat emateko hilero bi edo hiru gailur egin beharko dituzte gaztetxoek, eta bertan ateratako argazkiak Lagun Onakek bere webgunean atondutako txokora igo beharko dituzte".

Erronka osatu edo gailurren bat egiten dutenen artean Bertan merkatarien elkarteko dendetan erabiltzeko 30 euroko bonoak zozkatuko dira.

Herriko ikastetxeetan, berriz, ekitaldi ezberdinak burutuko dira Azpeitiko gailur eta txoko horiek ezagutu eta erronka osatzen laguntzeko.

Horien artean "mendien kokapena lantzeko eta parte hartzea bultzatzeko saioak edota haurrekin egiteko irteerak" egingo dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa