Landa eremua biziberritzeko erein zen hazia Azpeitian

05.02.2021 | 00:26
Hainbat herritar Elikaguneako dendara sartzeko txandaren zain.

Azpeitiko azoka plaza berrituak eta bertako Elikaguneak hiru urte bete dituzte herritarren oniritziarekin

Azpeitian berdura plaza bezala ezagutzen den azokaren eraikina oso zaharkituta eta egoera txarrean zegoela ikusita, Udalak Enparantza Nagusian kokatuta dagoen eraikina guztiz eraberritzeko asmo handiko proiektua abiatu zuen 2014an. Proiektu horren –eta eraikina beraren– tamaina ikusita, faseka egin ziren obrak lau urtez luzatu ziren eta guztira erakunde ezberdinen artean finantzatutako bi milioi eurotik gorako inbertsioa behar izan zuten.

Eraberritze prozesu horrekin Udalak hainbat helburu bete nahi zituen: herriko eta inguruko ekoizleen lana balorean jarri, bertako produktuak sustatu, erdigunean era ezberdineko ekintzak aurrera eraman ahal izateko behar bezalako ekipamendua izan... Azken urteotan ikusitakoa ikusita, ez da zalantzarik plazako eraikinaren eraberritzearekin asmatu zuela.

Joan den asteazkenean (San Blas egunean) hiru urte bete ziren Azpeitiko berdura plaza berrituak eta bertan dagoen Elikaguneak ateak ireki zituztenetik. Urteurren horren harira, Elikagunea kudeatzen duen Artxara kooperatibaren kideek proiektuaren nondik norakoak gogorarazi eta izandako ibilbidearen balorazioa egiteko iritzi artikulua zabaldu dute.

Beraien hitzetan, "Udalak hainbat eragile eta baserritar bidelagun zituela hasitako bidearen emaitza" da azoka plaza berritua eta Elikagunea bera ere: "Landa eremu bizi bat eta lehen sektore indartsu bat helburu dituen proiektua martxan jarri zen, bertako produktuen kontsumoa sustatuz, besteak beste", azpimarratu dute.

Elikaguneako familia osatzen duten lagunek esandakoari eutsiz, "lehen egunetik herritarrek erakutsitako babesari esker, oinarri sendoak jarri eta pauso berriak eman ditugu, produktuen eskaintza zabalduz, herriko hainbat jangela kolektibo bertako produktuekin hornituz, eragile ezberdinekin elkarlanean sukalde ikastaroak, dastaketak, formazio ekimenak eskainiz...". Era horretan baserritarren lana balioan jarri da eta "hainbat ekoizlek beraien ekoizpena handitzea edota produktu berriak merkaturatzea ahalbideratu" dela nabarmendu dute.

Hala ere, pandemiak hankaz gora jarri ditu bazterrak eta lehen sektorea ez da salbuespena izan: "Baserritarren merkaturatze gune garrantzitsu diren azokak debekatu zituzten hasieran, ostalaritzaren itxierak eta merkatari txikien egoerak ere zuzenean eragin die gure ekoizleei... hornitzaileak diren neurrian". Hala eta guztiz ere, Elikaguneatik eskerrak eman nahi izan dizkiete "hau posible izan dadin" bere alea jarri duten guztiei: "Jarrai dezagun bada elkarlanean, gure landa eremuaren etorkizuna ereiten".

Elikagunearen proiektuari esker, hainbat ekoizlek beraien ekoizpena handitu edota produktu berriak merkaturatu ahal izan dute