- Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 2021eko guardiako farmazien egutegia jasotzen duen eskuorria argitaratu du eta herritar guztiek datozen egunotan jasoko dute beren etxebizitzetan (banaketa hasita dago jada).

Argitalpen horretan “aurtengo egun bakoitzean irekita egongo den guardiako botika kontsulta daiteke”.

Udaletik jakinarazi dutenez, “farmaziak dira euren egutegia eta ordutegiak erabakitzen dituztenak eta Udalak ez du erabaki horietan ahalmenik”. Hala ere, “informazio erabilgarria denez herritarrentzat, informazioa ahalik eta modurik errazenean ematea pentsatu da”.

Guardiako farmazien egutegia jaso eta zabaltzean Udalak Azkoitia Lagunkoia proiektuaren baitan egindako eskaera bati erantzuten dio.

Janire Igoa, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, “Interneten bilatu nahi duzun informaziorik gehiena erraz eskura dezakezu, baina oraindik etxe askotan ez dago konexiorik eta adineko pertsona askok ez dute Internet erabiltzen. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela farmazien inguruko informazioa etxe guztietara iristea”.

Azkoitian gauez ez da guardiako farmaziarik egoten. Azpeitira joan behar da (gauez urte osoan Garmendi kaleko botika egoten da irekita).

Ohiko merkataritza ordutegitik at, guardiako farmaziak astelehenetik ostiralera 13.00etatik 16.30era arte egoten dira irekita Azkoitian (igande eta jaiegunetan 11.00etatik 13.00etara). Larunbat, igande eta jaiegunetan arratsaldez Azpeitian dagoen guardiako botikara joan behar da.