Azpeitia | Udalbatzarrak 2021erako Udal Araudi Plana onartu du

Dokumentuan indarrean dauden ordenantzetan aurreikustako aldaketak eta egingo diren ordenantza berriak zehazten dira

31.01.2021 | 02:17

Azkoitia – Aste honetan egindako Osoko Bilkuran 2021erako Udal Araudi Plana onartu du Azkoitiko udalbatzarrak aho batez. Plan horrek indarrean dauden Udal ordenantzetan aurreikusten diren aldaketak eta martxan jartzekoak diren ordenantza berriak zehazten ditu.

2021erako Udal Araudi Planarekin batera, Udalak 2020-2022 urteetarako egindako dirulaguntzen plan estrategikoa 2021. urteko udal aurrekontura egokitzea onartu zuten, aho batez, udalbatzarrak.

Ana Azkoitia Ogasun arloko zinegotziak jakinarazi zuenez, "covid-19a dela eta" kasik 2020. urterako prestatutako Udal Araudi Plan bera da aurtengoa: "2020ko plana ere urtean zehar aldatu egin behar izan genuen iaz dirulaguntzen oinarri orokorrak eta espezifikoak egin ahal izateko".

Edonola ere, Udalak aurten hainbat ordenantza berri egiteko asmoa duela iragarri zuen Azkoitiak: "hileta zibilen ordenantza, gizarte larrialdiko ostatu zerbitzua arautzeko ordenantza eta Udalarenak diren bide eta baso pisten erabilera berezia arautuko duen ordenantza", hain zuzen ere.

Era berean, indarrean dauden hainbat ordenantzetan aldaketak egingo direla aurreratu zuen zinegotziak. Hala, 2022. urteko ordenantza fiskalen aldaketa egitea espero dute, eta baita zergen eta toki zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuen kudeaketa eta bilketa arautuko duen ordenantza orokorrean ere. Bestalde, bide publikoan terrazak eta mahaiak jartzeko ordenantza eta zirkulaziorako egokiak diren lur eta bide publikoetako erabilerari buruzkoa aldatzea aurreikusten dute.