- Urola Erdiko umeek errege magoak ikusi edo somatzeko aukera izango dute ere. Dena den, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak ezin izango dira gaur arratsaldean egun honetan ohikoak diren kabalgatetan aterako pandemiaren egoera dela eta.

Azpeitiko Udalak erregeek herriko umeei helarazteko grabatutako mezua zabaldu du bere sare sozialen bitartez eta bertan "iluntzerakoan Xoxote aldera begiratzeko" eskatu dute, beti ere, "Izarraitzeko mendilerroa zeharkatu ondoren herrira nola gerturatzen diren ikusteko".

Era berean, Udalak gogorarazten du Errege Magoei zuzendutako gutunak jasotzeko postontziak ere jarri direla igerileku aurrean, anbulategi aurrean eta udaletxe azpian. Buzoiak gaur "eguerdira arte" izango dira aipatutako lekuetan, eta ondoren, Udala arduratuko da gutunak jaso eta iluntzerako Meltxor, Gaspar eta Baltasarri emateaz.

Urtero parrokiak antolatzen duen kabalgatarik izango ez bada ere, Errege Magoak Azkoitiko nekazal auzoetan eta erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira gaur "bazkal ostean" herriko umeak agurtzeko.

Bestalde, Udalak gogorarazten du haurrek Errege Magoei idatzitako gutunak uzteko hiru gune egokitu direla parrokia aurrean, udaletxean eta Elkargunean.

Leku horietan zakuak ipini dira eta Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek bertan utzitako gutunak jasoko dituzte "etxez etxeko banaketarekin hasi aurretik".