- Azpeitiko haurrek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Amaren intxaurrak ikuskizunarekin disfrutatzeko aukera izango dute otsailaren 6an Soreasu antzokian.

Pailazoek bi emanaldi eskainiko dituzte Azpeitian (16.00etan eta 18.30ean) eta bertaratzeko asmoa dutenek dagoeneko eros ditzakete sarrerak kulturaz.eus web gunearen bitartez.

Aurreko urteotan bezala, Uztaro haurreskolako guraso elkarteak antolatu du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia (Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin), beti ere, haurreskolako jangelaren proiektua aurrera ateratzeko.

COVID-19aren pandemia dela eta, emanaldiak egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriekin burutuko dira. Horregatik 6 urtetik gorakoek maskara jantzita izan beharko dute saioa irauten duen bitartean, aretoan ezin izango da jan eta ikusleek ezingo dute eserlekutik mugitu.