- Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko obrak esleitzeko lizitazioa jarri berri du abian Udalak. Horren baitan, babestutako 67 etxebizitza eraikiko dira; 39 babes ofizialekoak eta 28 tasatuak.

Udaletik jakinarazi dutenez, lizitatutako obraren aurrekontua 6.273.640 eurokoa da eta proiektua aurrera eramateko interesa duten enpresek 2021eko urtarrilaren 4a bitartean dute proposamenak aurkezteko aukera. Behin obrak esleitu eta kontratua sinatzean, “18 hilabeteko epean” eraikiko dira Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak.

Esklabetako komentuaren atzealdean egitekoak diren 67 etxebizitza berri hauetako bat eskuratzeko interesa duten herritarrek 2019ko abenduan eman zuten zozketan parte hartzeko izena. Hala ere, pandemiaren ondorioz ezarri zen osasun alarma egoeragatik, zozketa ekainaren 18ra atzeratu behar izan zen eta orain “etxebizitza guztiak esleitu eta kontratua sinatu ostean, lizitaziora atera da obra”.

Nagore Alkorta alkateak gogorarazi duenez “iaz jarri genituen abian lehen faseko obrak eta orain bigarrengoak jarri ditugu”. Bere hitzetan, “babestutako etxebizitza publikoen eskaintza hau epe motzean izango da herritarren eskura”.

Esklabak-Iturzulo eremuko lehen faseko lanak “urtarrilean hasi ziren eta aurreikusitako epeen arabera ari dira eraikitzen”. Fase horretan 62 etxebizitza eraikiko dira (29 babes ofizialekoak eta 33 tasatuak).