- Azpeitiko Udalak, osasun zentroak eta Izarraitz Lanbide Heziketa Eskolak 70 urtetik gorako azpeitiar guztien egoera aztertzeari ekingo diote elkarlanean datorren astetik aurrera, beti ere, ikerketaren emaitzak ikusi ondoren "adineko herritarren bizi kalitatea hobetzeko behar diren baliabideak jarri eta neurriak hartzeko".

Proiektu berritzaile hau garatzeko ezinbestekoa izango da Izarraitz Lanbide Eskolako Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta heziketa zikloko ikasleen partaidetza. Izan ere, ikastetxeko 60 ikasle eta 7 irakasle arduratuko dira 70 urtetik gorako herritarren egoera zein den ezagutzeko osasun zentroko arduradunekin batera prestatu den galdetegia egiteaz; martxoan sortu zen boluntario sareko kideekin batera.

Ikasleek eta bolondresek "batez ere, Udaleko zerbitzu ezberdinekin orain arte kontakturik izan ez duten adinekoak (1.500 inguru) deituko dituzte telefonoz", hainbat gairen inguruan galdetzeko: "beren gaur eguneko osasun egoera zein den, pandemiagatik beren egunerokotasunean aldaketak egin dituzten edo ez, senideekin harremanik duten edo ez, etxetik ateratzen diren edo ez, teknologia berrien ezagutza nolakoa duten... horrelako galderak egingo dira adinekoen egoera eta beharrak identifikatzeko", aurreratu zuen Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak egitasmoa aurkezteko atzo egindako agerraldian.

Eduardo Sudupe, Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendaria, berriz, oso eskertuta agertu zen lankidetzarako aukera eskaintzeagatik.

Bere hitzetan, "gure ikasle eta irakasleentzako aukera paregabea da lankidetza hau eta ikasleentzako ezinbesteko trebakuntza". Galdetegiak egitetik harago, adinekoen arloan lankidetzan jarraitzeko "prestutasun osoa" azaldu zuen Sudupek berak.