- Ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du datorren urtean Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak bere sorreraren 75. urteurrena ospatzeko. Horiek guztiak iragartzeko mendizaleen elkarteak Maria Icetak eta Haymar Manzisidorrek elkarlanean diseinatutako logotipoa erabiliko du; beraiek izan baitira 75. urteurreneko irudia aukeratzeko lehiaketaren irabazleak.

Guztira 13 lan aurkeztu dira sariketara, eta mendizale elkarteak aurkeztutako lan guztien kalitatea azpimarratu du. Hala ere, Icetak eta Manzisidorrek aurkeztutako logotipoa izan da epaimahaia osatu dutenen gustokoena. Mariak eta Haymarrek asteartean eskuratu zuten lehiaketaren saria, 300 euro eta diploma. Gainera "aurrerago jasoko dute urtemuga ospatzeko aterako den arropa sorta".

Lagun Onak Mendi Bazkunetik jakinarazi dutenez, logo irabazleak "mendien figurekin osatzen du 75 zifra, eta azpian Lagun Onak MB izena agertzen da". Epaimahaia osatu duten mendizale elkarteko kideen ustetan, "irudia modernoa eta soila da, originala eta kalitate artistiko handikoa". Era berean "moldakortasun handia eskaintzen duela" nabarmendu dute. Azken batean, "lehiaketa ateratzea erabaki genuenean, horrelako logoren bat lortzea genuen buruan, hauxe da bilatzen genuena", adierazi dute.

Irabazlearekin ez ezik, Lagun Onak Mendi Bazkuna oso pozik agertu da baita ere lehiaketaren nondik norakoekin. Aurtengo martxoan jarri zen abian egitasmoa, eta ekainera arte egon zen irekita lanak aurkezteko epea. Bitarte horretan, dozena bat lan baino gehiago aurkeztu ziren, kalitate oso handikoak denak ere: "Proposamen profesionalak jaso ditugu, aurkezpen eta errelato oso landuekin, eta asko zaildu digute irabazlea aukera-tzeko erabakia", azaldu dute epaimahaikideek. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartzera animatu diren guztiei.

Logoaren erabilerari dagokionean, Mendi Bazkunak aurreratu du "datozen asteetan" emango duela urteurrenerako prestatzen ari den ekimenen berri. Gainera, irudi korporatibo berria daraman arropa eta material sorta ere ari da prestatzen eta hauek ere "aurki" plazaratuko direla esan dute.