- Euskal Zezenzaleen Elkarteak antolatzen duen Behi Suharraren IV. Eguna hartuko du igandean Azpeitiko zezen plazak. Jaialdia goiz eta arratsaldez burutuko da eta bertan hamar ganadutegi (Bergarako Zezenak, Manzarbeitia, Leizarran, Marques de Saka, Ibiri, Lopene, Zelai Luze, Arno, Ruso eta Berrosueta) eta Euskal Herriko 40 bat errekortarik parte hartuko dute.

Behi Suharraren IV. Eguneko antolatzaileek jakinarazi dutenez, igandeko jaialdiaren helburua "ganaduzaleei laguntzea" izango da. Izan ere, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, "ganaduzaleak urte osoan diru iturririk gabe egon dira eta egoera horren aurrean Behi Suharraren Eguna antolatu nahi izan dugu", esan dute Euskal Zezenzaleen elkartetik.

Hori dela eta, sarreren salmentarekin lortuko den diru guztia ganadutegien artean banatuko da.

Behi Suharraren IV. Eguneko egitarauari dagokionez, jaialdia bi zatitan banatuko da. Lehena 12.00etan abiatuko da Euskadiko IV. Uztai Txapelketarekin. Lehia horretarako, ganadutegi bakoitzak behi bat jarriko du, eta horietako bakoitzarekin errekortari bikote bat ariko da. Hauek burdinezko uztai batzuk izango dituzte eskuetan eta zezenari adarretan sartu beharko dizkiote (hiru minutu izango dituzte). Uztai gehien sartzen dituen bikotea izango da garaile eta proba horretan behirik suharrena (errekortariei zailtasun gehien jarri dizkiena) zein izan den ere erabakiko da.

Goizeko jaia, neska errekortarien ikuskizunarekin borobilduko da (saio horretan, June Urain azpeitiarra aterako da zezen plazara).

Atsedena hartzeko tartearen ondoren, zezen plazako jaialdiak 17.30ean izango du jarraipena, Euskadiko Behi Suharrik Onena aukeratzeko IV. Txapelketarekin. Ganadutegi bakoitzak behi bat jarriko du, eta behi bakoitzarekin lau errekortariz osatutako taldeak aterako dira egurrezko oztopo batzuk izango dituen plazara.

Goizeko eta arratsaldeko saioetarako sarrerak aparte salduko dituzte (10 eurotan) eta interesatuek dagoeneko eros ditzakete, 695 765 110 zenbakira wasap bidaliz edo Jim Clark, Berdie, Mendizabal, Pastorkua, Korrale eta Eguzkitza tabernetan.

Guztira, 555 sarrera salduko dituzte, "COVID-19ari aurre egiteko protokoloa aintzat hartuta". Hala, tenperatura hartuko diete plazara joaten diren guztiei, gel hidroalkoholikoa jarriko dute sarreran, maskara jantzita joan beharko da eta ikusleen arteko distan-tzia metro eta erdikoa izango da.