- Azpeitiko Udalak eta herriko festa ezberdinen antolakuntzan parte hartzen duten 26 eragileek aurtengo San Inazio jaiak bertan behera uztea erabaki dute, koronabirusak eragindako egoera dela eta.

Udaletik jakinarazi dutenez, erabaki "zaila" izan da hartutakoa, "urte osoan festa hauek prestatzeko lan egiten dutelako herritar ugarik". Dena den, "pena handiz, baina adostasunez" hartu dute erabakia. Izan ere, Udalak eta eragileek "aho batez" esan dute une honetan "lehentasuna herritarren osasuna" dela; "baldintza hauetan saninazioak ospatzea ezinezkoa delako".

Saninazioak azpeitiar guztien festak dira, azpeitiar guztientzat egiten direnak; elkarrekin eta elkarrentzat eginak: "Gure festak dira, gure izaera eta bizimoduaren parte", adierazi dute. Herri guztietako jai nagusiekin gertatzen den bezala, Azpeitian "saninazioak familian, lagun artean eta kalean elkartuz gozatzeko festak dira" baina gaur egun bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, "arriskutsua" da guzti hori.

Beraz, arduraz jokatu eta jende pilaketarik izan ez dadin festarik ez antolatzea dela zentzudunena adostu dute. Horrekin batera, azpeitiar guztiei dei egin nahi izan diete adostasunez hartu duten erabaki honetara batzeko eta norbanako bakoitzak duen arduratik jende pilaketarik ez gertatzeko neurri guztiak hartzeko.

Pandemia hau hasi zenetik, azpeitiarrek erakutsi dute elkar zaintzeko konpromisoa dutela. Dena den, gogoan izan behar da koronabirusa ez dela desagertu, eta herritarrak ezin direla erlaxatu: "Gure burua eta gure bizikideak zaintzen jarraitu behar dugu, egunero-egunero, etenik gabe" azpimarratzen dute Udaletik.

Festak "herritik eta herriarentzat" egiten dira, eta, hain zuzen, "horregatik tokatzen da aurtengoan saninazioak bertan behera lagatzea: herria zaintzeko neurri bat da hau".