- Koronabirusak eragindako konfinamendu egoera arintzeko ekintza ugari bultzatzen ari dira Internet bidez azken egunotan kultur, kirol, aisialdi eta bestelako arloetako eragileek.

Ildo beretik, Urolako Komunikazio Taldeak zuzenean jarraitu ahalko den bertso jaialdia antolatu du datorren ostegunerako. Bertsozaleen gozamenerako prestatutako ekitaldi hori 18.30etatik aurrera jarraitu ahalko da Uztarria.eus web gunean.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, "bizi ari garen konfinamendu egoerara moldatutako jaialdi honetan Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Gurrutxaga bertsolariek parte hartuko dute".

Gai-jartzaile lanetan Jon Zaldua arituko da baina berak ez ditu kantatu beharreko gaiak erabakiko. Izan ere, nahi duten herritar guztiek ostegunean egingo den zuzeneko bertso saioan kantatzeko gaiak proposatu ditzakete, bihar arte, zuzendaritza@ukt.eus helbide elektronikora mezua bidalita.

Bertsolariek Hangouts bidez egingo dute bertsotan eta emanaldia streaming bidez eskainiko da.