- Koronabirusaren eraginez etxean egotera behartuta gauden garai honetan, Bertan merkatari elkarteak bi lehiaketa antolatu ditu, betiere "familien entretenimendua bultzatu eta irudimena lantzeko".

Alde batetik, "guraso edo tutoreen baimena duten hamahiru urte arteko haurrei" zuzendutako marrazki lehiaketa antolatu du Bertanek.

Parte hartu nahi dutenek, marrazki bat bidali behar dute (whatsappez) 688 823 944 zenbakira, "eskaneatuta (koloretan) edo argazki baten bidez".

Sariketaren gaia "koronabirusak eragindako egoera honetan daukagun bizimodua" da eta marrazkia "errealista, fantastikoa, umorezkoa, beldurgarria, hezigarria, eguneroko egoerak islatzen dituena edota futurista" izan daiteke. Hori bai, lanak eskuz egin behar dira, baina edozein teknika, tamaina eta material erabili ahal izango da. Marrazkiarekin batera, izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono zenbakia adierazi beharko dira.

Bestetik, helduentzako meme lehiaketa abiatu du Azpeitiko dendarien elkarteak (guraso edo tutoreen baimena duten 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoek ere parte har dezakete).

Memeak euskaraz egin behar dira eta marrazkiekin bezala, jorratuko beharreko gaia koronavirusak eragindako bizimodua izango da. Parte hartu nahi duenak 688 823 944 zenbakira bidali behar du memea, wasapez. Pertsona bakoitzak lan bakarra bidali dezake; izen-abizenak, adina eta kontakturako telefonoa adieraziz.

Bi lehiaketen kasuan, lanak aurkezteko epea hilaren 25ean amaituko da. Hauek, modu anonimoan, Bertaneko Facebooken eskegiko dira eta sare honen erabiltzaileek erabakiko dituzte zeintzuk dira marrazki eta meme onenak. Izan ere, apirilaren 2an (12.00etarako) atsegin dut gehien dituzten lanek jasoko dituzte lehiaketetako sariak (100 euroko erosketa bonoak irabazleentzat, 75 eurokoak bigarrenentzat eta 50 eurokoak hirugarrenentzat). Aldi berean, 50 euroko bi bono zozkatuko dira bozketan parte hartzen dutenen artean.