azpeitia - Azpeitiko Udalak 2017ko azaroan jarri zuen abian Kirol Orientazio Zerbitzua herriko hainbat eragilerekin elkarlanean eta "ahalik eta herritar gehien jarduera fisikoaren onuraz jabetzeko". Ordutik, 151 erabiltzaile ditu zerbitzuak eta hauek egin berri duten balorazioa "oso positiboa" izan da.

Egoitz Arruti, Udaleko Kirol batzordeburuak, azaldu duenez, "erabiltzaileetako askok eta askok beren egunerokoan ariketa fisikoa egitea ohitura bihurtu dute, eta hori positiboa da oso".

Kirol orientazio zerbitzua Udalaren, herriko ikastetxe guztien eta Baigera elkartearen eskutik jarri zen martxan baina 2018an Osasun Zentroa ere sarera atxikitu zen. Pauso hori oso garrantzitsua izan zen zerbitzua herrian errotze aldera. Izan ere, "gaur egun, erabiltzaileen erdiak beren familia medikuak bideratuta etorri ohi dira zerbitzura", gaineratu du Arrutik. Hala, "gaur egun erabiltzaileen %51 Osasun Zentrotik bideratutakoak dira; %36 bere kabuz etorri da; %19 Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eta %4 ikastetxeetatik".

Zerbitzuak 151 erabiltzaile ditu (%63 emakumeak) eta bertara gerturatu diren guztietatik "%3 inguruk besterik ez du utzi". Udal agintarien ustetan, datu horrek "erabiltzaileak zerbitzuarekin gustora daudela adierazten du".

Kirol orientazio zerbitzua asteartetan eskaintzen da igerilekuan eta ostiraletan anbulatorioan. Interesatuek 688 845 119 zenbakira dei dezakete hitzordua hartzeko.