Azpeitia - Urola Erdiko bizilagunek eskualdean urtero arrakasta handia izaten duten Karnabaletan murgilduko dira gaur bertan. Bailarako herri guztietan mozorroen festaz gozatzeko ekintza ugari egongo dira hurrengo egunotan. Azkoitian eta Zestoan biharkoa izango da jaietako egun handia. Azpeitian, berriz, igandea eta astelehena izango dira Inauterietako egunik potenteenak.

Gaurko jardunaldiari dagokionez, Azpeitian Ikasberri Ikastolak Euskal Inauteriak irudikatzeko antolatzen duen jaialdiak irekiko du festa (desfilea 18.30ean hasiko da Olazko Andre Mariaren Plazatik); Azkoitian ikastetxeetako umeen kalejira protagonista izango delarik. Hau 16.00etan hasiko da eta plazara ailegatzerakoan haurrentzako merienda eta Ohian Vegarekin dantzaldia egongo dira. Gainera, 12 eta 17 urte bitartekoentzako disko festa eta mozorro lehiaketa izango dira (21.30etik 23.30era bitartean) Elkargunean.

Zestoan, berriz, musika eskolako kaldereroek iragarriko dute jaia. Hauek 17.00etan hasiko dute Kultur Etxetik egoitzara arteko kalejira eta handik erdiguneko kaleak alaituko dituzte beren abesti eta dantzekin.

Behin festa hasita, Inauterietako egunik inportanteena ospatuko dute bihar Azkoitian eta Zestoan.

Azkoitian txistularien kalejirak irekiko du larunbateko egitaraua eguerdian eta horren ondoren Bandaren eta Musika Eskolako Banda Txikiaren kalejira (12.30ean), Urolatarrak txarangaren kalejira (16.30ean), Kantu kolore haur berbena (18.30ean), Ilargi Beltza taldearekin dantzaldiak (19.45 eta 23.00etan) eta mozorro lehiaketaren sari banaketa (gauerdian) izango dira.

Zestoan, aldiz, biharko festa umeen mozorro desfilearekin hasiko da (18.00etan) eta horren ondoren DJ Davilaren emanaldi bikoitza izango da (20.00 eta 23.00etan).

Edonola ere, Urola Erdiko Karnabalaren unerik bereziena igandean biziko da, Azpeitian ospatuko duten Elegante Egunarekin. Jardunaldian zehar mota askotako kalejirak egongo dira herrian (txistulariekin, Bandarekin, Eltziegoko gaiteroekin, txaranga ezberdinekin...), baita sokamuturrak (12.00 eta 16.30ean), eta nola ez, 12.30etik aurrera erdigunea hartuko duen eleganteen pasierarekin.