AZPEITIA - Enparan kalean jaioa, Belen Zendoia 67 urteko azpeitiarrak esaten du berak ez dakiela josten. Hala ere, Inauteriak heltzerakoan herritar ugari izaten dira berak eta bere senideek kalera aterako dituzten jantziak ikusteko desiatzen. Herriko dendetako erakusleihoetan ipini dituen mozorroak ikusita, argi dago oso esku ona duela karnabaletarako arropak diseinatzen. Izugarri disfrutatzen du zeregin horretan eta azpimarratzen du mozorroak egiteko "beti birziklatutako materialak" erabiltzen dituela.

Nondik datorkizu Inauterietarako jantziak egiteko zaletasuna?

-Nire aittitta eta nire aita sastreak izan ziren arren, nik ez dakit josten baina betidanik gustatu izan zaizkit arropak eta asko fijatu naiz pelikuletan ikusten diren jantzietan.

Noiz hasi zinen josten?

-Etxean dirua soberan ez zegoela eta, orain dela 45 bat urte hasi nintzen josten, nire hiru seme-alabentzako arropak egiten.

Eta karnabaletarako lehen jantziak noiz egin zenituen?

-34 bat urte izango dira lehen mozorroak egin nituela. Nire gizona zenarentzako eta umeentzako trajeak egin nituen Elegante egunerako.

Zalantzarik ez da Azpeitiko karnabaletan parte hartzea gustatzen zaizula...

-Bai, bai, asko. Niretzat festarik politena da Karnabala. Garai batean koadrilako neskak ostegun gizenean ateratzen ginen gaueko jantziekin dotore jantzita eta gero igandeko Elegante egunean ere. Orain ostegun gizena galdu egin da baina familiarekin parte hartzen jarraitzen dut. Igandean eta astelehenean mozorrotzen gara denok nik egindako trajeekin eta oso ondo pasatzen dugu.

Zein da zuretzat karnabaletako egunik politena?

-Elegante eguna, dudarik gabe. Egun horretan dotoretasuna da nagusi herrian eta asko gustatzen zait gazte jendea hain ondo jantzita eta hain ondo orraztuta ikustea. Gainera nire gizona zenarekin akordatzen naiz asko, Elegante egunean beti joaten ginen elkarrekin bazkaltzera eta oso oroitzapen onak ditut.

Nola ospatzen duzu orain Elegante eguna?

-Hasteko hamaiketako ona egiten dut nire hiru seme-alabekin eta nire biloba Luisekin eta horren ondoren kalera ateratzen gara dotore jantzita festaz disfrutatzera. Lehen ere horrela egiten genuen nire senarrarekin eta mantendu egin dugu.

Iaz bezala, aurten ere zuk egindako mozorroak eta trajeak ikus daitezke herriko hainbat dendatan...

-Bai, orain dela bi urte familiako 9 kide Veneziako inauterietako arropekin atera ginen kalera, jendeari asko gustatu zitzaion eta herrian esaten zidaten traje horiek ikusgai ipintzeko. Udalan komentatu nuen trajeak erakusteko manikiak behar nituela eta ea zer iruditzen zitzaien dendetako erakusleihoetan ipintzea. Ideia gustatu zitzaien eta dendariek emandako erraztasunei esker horrela egin nuen. Erakusketak herritarren interesa piztu zuen eta horregatik errepikatu dugu aurten. Oraingoan, azken urteotan egindako 23 traje eta mozorro ipini ditut ikusgai herriko denda ezberdinetan.

Nola egin duzu denden aukeraketa?

-Arropa bakoitzerako ondoen geratuko den lekua aukeratzen saiatu naiz eta oso eskertuta nago dendariek izandako harrerarekin.

Zer nolako trajeak ikus daitezke erakusleihoetan?

-Denetarik dago. Hollywoodeko lau pelikula ezagunetako pertsonaien arropak, errege eta erreginarenak, marrazki bizidunetako ardi ezagunenak, bizikleta gainean joaten den globo-saltzaile batena... azken traje horrek 1.700 botoi ditu josita.

Zein da erakusketaren helburua?

-Alde batetik, herritar guztiek mozorroak ikusteko aukera izatea. Eta bestetik, festa aurretik herrian karnabaletako giroa sortzea.