Hamar taldetan banatuta, 600 bat ume arituko dira bihar (12.30etik aurrera) Azpeitiko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituen haurren danborrada koloretsuan. Herrian ohitura denez, desfilearen atzekaldean aurten baserriko bizimoduari eskainita egongo den karroza ikusgarria joango da.

Aitor Exposito Ibarmia 25 urteko arkitektu azpeitiarra da 2020ko San Sebastian eguneko karrozaren egilea.

Iaz Udalak karrozaren diseinua aukeratzeko antolatzen duen lehiaketara aurkezteko asmoa zuen "baina ikasketak zirela eta, azkenean ez nuen aukerarik izan". Urte askotan Lagun Onak futbol taldeko jokalaria izanda (lesio bat medio denboraldi honetan laga behar izan du futbola), "ilusio handia" egiten zion Aitorri joan den urteko lehiaketan parte hartzea (gaia Lagun Onak-eko 75. urteurrena zen).

Hala ere, aurreko udan ikasketak bukatuta, aurtengo karrozaren lehiaketara proiektua aurkeztea erabaki zuen: "denbora gehiago nuela ikusita, proiektua landu nuen lehen aldiz eta aukeratua izateko suertea izan nuen" aitortzen du.

"Kalekua izanda", Aitorrek onartzen du ez zuela aurtengo karrozarako gaia zen baserriko bizimodua gertutik ezagutzen "baina Unibertsitateko ikasturte batean baserriko mundua nola antolatzen zen eta bertako bizimodua nolakoa zen jorratu genuenez, orduantxe ikasitakoa berreskuratu nuen". Horretaz gain, noski, "baserritarrek beren produktuak herrian nola saltzen dituzten" izan ditu kontuan karroza diseinatzerakoan.

Umeen danborradaren atarian, Exposito "gustora" agertzen da egindako lanaren emaitzarekin. Onartzen du "hasieran kezka pixkat" zuela "paperean dena erraz islatzen delako". Hala ere, "oso pozik" geratu da gremio ezberdinetako profesionalek egindakoarekin.

Aitor baserritarrek "produktuak baserrian ekoizten hasten direnetik plazan saltzen dituzten unera arteko prozesua" islatzen saiatu da. Lana bukatuta, karroza "herritarren gustokoa izatea" espero du. Hori dela eta, azpeitiarren iritziei "adi" biziko du biharko jardunaldia baina horren aurretik gaurko helduen danborradan parte hartuko du, "Inpernue konpainia berriaren baitan".