- Hilero astebetez herriko inguruneak garbitzeko hitzarmena egin zuen Anoetako Udalak Urzain taldearekin, eta urtebeteko probaldian 7.590 kilogramo hondakin bildu dituzte elkartekideek Anoetako inguruetatik.

Pello Estanga alkateak kezka adierazi du egoeraren inguruan: "Ikusi da garbiketaren beharra benetakoa zela, eta, oraindik, sentsibilizazioan zeregin handia dagoela"; eta garbiketa-lanen garrantzia ere ekarri du gogora: "Beharrezkoa zen hondakin sakabanatu horiek biltzea tokiko eta itsasoko ekosistemak kaltetu ez ditzaten".

Ingurunea garbi mantentzeko neurri eraginkor gehiago ere hartu ditu Udalak. Batetik, txakurren kakak biltzeko posteak jartzea jendea paseoan ibiltzen den inguruetan, garbiketetan ohartu baitziren errekan txakur-kaken poltsa asko agertzen zirela. Bestetik, hondakin gehien bildu den herriko lau puntutan kartelak jarriko dira jendeari ohartaraziz hondakinak botatzea debekatuta dagoela; eta herriko bi aisialdi-eremutan ere jarriko dira kartelak gunea garbi mantentzeko.

Udal ordezkariak jabetzen dira oraindik lan bikoitza egiten jarraitu behar dela, batetik, inguruneak garbitzea; eta jendearen kontzientzia piztea, bestetik. Dena dela, urtebeteko probaldiak erakutsi du garbiketa-saioak baliagarria izan direla, eta epe motzean pausoak emango dira zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko.?

Kalean uzten diren zabor poltsen inguruan ere bere kezka plazaratu zuen Udalak iaz. Uneoro helburua izan da herritarrak kontzientzia hartzea, baina ez da lortu jarrera gelditzea. Hori dela eta, isunak jartzen hasi da Udala zabor-poltsak lurrean uzten dituztenei. Isun horiek 90,10 eta 45.000 euro artekoak dira Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalen eremuan hondakinak bildu eta tratatzeko ordenan-tzaren arabera.