Tolosak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Besteak beste, Laukiz Lauki Tolosari buruzko denbora-pasa liburuxka argitaratu du Udalak eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana berritu eta eguneratu du Euskararen Aholku Kontseiluak.

Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziaren hitzetan, "euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotu da Tolosan azken urteetan, hezkuntza alorrean egindako lanari esker, erakundeetatik emandako bultzadari esker eta Tolosak duen elkartegin-tza sare handiari esker".

Datorren astera begira antolatu den ekintza-sortari dagokionez, bihar Zer egin dezakegu gurasook seme-alaben hizkuntza ohituretan eragiteko? hitzaldia izango da, 18.30ean, udaletxeko pleno aretoan.

Asteazkenean, aldiz, Euskararen Historia Soziala Tolosaldean ikerketaren lehen zatiaren aurkezpena egingo du, 18.30ean, udaletxean Haritz Azurmendi ikertzaileak.

Ostegunean, urte guztian zehar martxan dagoen Tolosaldepedia proiektuaren baitan kokatutako mintegi berezia egingo da. Oraingoan, euskarari buruzko edukiak eta ezagutzak Wikipedian jartzeko deialdia egingo da, 17.00etatik 19.00etara, kultur etxean.

Ostiralean, Euskararen Nazioarteko Egunean, Jon Plazaolaren Irabazi antzerkia egongo da Leidor aretoan, 20.30ean.

Azkenik, datorren larunbatean, abenduak 4, bertsoak eta zirkua uztartzeko saio berezia izango da Leidorren. Goizean haurrentzako saioa eskainiko dute Gure Zirkuko artistek eta Tolosaldeko hiru bertsolarik eta arratsaldean helduentzako saioa izango da. Bi emanaldietarako sarrerak presentzialki soilik eskuratu daitezke Galtzaundiren Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean.