- Guk Amaroztaurrak izenarekin, hainbat ekintza antolatu dituzte Tolosako Amarotz auzoan dagoeneko eta beste zenbait iragarri dituzte.

"Ez da zerbait berria. Azken hamarkadetan, haurrentzako ekintzetan jarri izan dute fokua auzotarrek. Zor bat dugu beraiekin eta ez diegu huts egingo", adierazi dute aurkezpenean. Izan ere, auzoko zein inguruko eragile ezberdinek urteak daramatzate bertako haurrentzako ekintzak antolatzen, horien artean, Akerbeltz Espeleo Taldea, Hojarasca Kultur Elkartea, Intujai Teatro, edo Ghostbusters Euskadi. Eskerrak emateaz gain, aurrerantzean ere lankidetzan aritzeko eskaintza egin diete auzokideek.

Amarozko haurrak pandemia garaian "ezinbesteko jarrera" izaten ari direla eta helduentzako "eredu" bihurtu direla azpimarratu dute eta auzoarekiko duten lotura nabarmendu dute. "Bertako haurra bazara, auzoa maite baduzu, ekintzetan parte hartzen baduzu edo jolastera edo senideak bisitatzera etortzen bazara, Amaroztaurra zara. Edozein haur izan daiteke Amaroztaurra".

Orain hiru aste, Gau Beltza ospatu zuten auzoan eta datozen asteetako egitarau oparoa antolatu dute. Azaroak 28, iganderako, Oiartzunera txango gidatua antolatu dute Hojarasca elkartearekin. Oihanlekuko cromlecha eta Aiako Harriak Natur Parkea bisitatuko dituzte.

Bestalde, abenduaren 4an Birakabareta 21 ikuskizuna antolatu dute Topic-en. Zikloia jaialdiaren baitan, hainbat taldek parte hartuko dute: Pailaztana Junior (Amarozko an-tzerki taldeko haurrak), Pailaztana Klown Taldea (Amarozko klown taldea), Tolosako Numen dantza eskola eta Gorka Pereira, Imanol Suso eta Pablo Caceres (Zirkozaurre).

Gabonetan ere kultur ekintzak izango dira eta haurrentzako bi ikuskizun izango dira auzoan: Ka-ttalin Salaberry eta Jokin Irungarayren Elekaren ipuin sorta eta Nerea Ariznabarretaren eta Mariano Hurtadoren Bertoko eta urrutiko ipuinak. Aurrerago zehaztuko dituzte datak.