- Euskadiko Lanbide Heziketako 41 ikastetxetako 146 ikaslek hartu dute parte aurtengo EuskoSkills txapelketan. Urriaren 19tik 22ra ospatu da Ficoban eta kategoria bakoitzeko (guztira 19 kategoria neurtu dira) irabazleak Euskadiren ordezkari izango dira datorren martxoan Madrilen ospatuko diren SpainSkills Estatu mailako txapelketan.

Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuko espezialitate ezberdinetako sei ikasle aritu dira norgehiagokan aurten. Oier Igoak eta Adrian Arellanok, Sareko Informatika Sistemen Administrazioko zikloko ikasleek, heziketa-zikloaren izen bereko kategorian parte hartu zuten, eta raspberry Pi eta Cisco packet tracer erronka landu zituzten. Egun eta erdiko lan gogorraren ondoren, Adrian Orellanak urrezko domina irabazi zuen.

Igor Garmendiak, Soldadura eta Galdaragintza zikloko ikasleak, Soldadura kategorian parte hartu zuen, egun eta erdian zehar hiru proba ezberdin eginez. Igorrek “lan bikaina” egin zuen, urrezko domina irabaziz.

Oinatz Otegik eta Markel Muñozek, Programazioaren Produkzioko zikloko ikasleek, Zenbakizko Kontroleko Fresadora atalean lehiatu ziren, pieza baten planotik abiatuta, fabrikatzeko programa eginez eta zenbakizko kontroleko fresatzeko makinan fabrikatuz. Bi ikasleek “lan oso ona” egin zuten, eta Markel Muñozek zilarrezko domina lortu zuen.

Asier Sarasolak, Instalazio elektriko eta automatikoak zikloko ikasleak, Instalazio elektrikoen atalean aritu zen, etxeko zirkuitu elektriko baten instalazioa eginez. Asierrek ere zilarrezko domina irabazi zuen.

Joan den astelehenean, eskertza ekitaldia ospatu zuen Tolosaldea LHII institutuak, areto nagusian, EuskoSkills lehiaketan parte hartu duten ikasleen lana goraipatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako Sailburuorde-tzak antolatzen du EuskoSkills txapelketa. Ekimen honen helburu nagusia, txapelketen bidez, gaitasunek eta gaitasun-maila altuek arrakasta profesionala lortzeko eta errealizazio pertsonalerako dakarten funtsezko ekarpenez kontzien-tziatzea da.

Lanbide Heziketako edozein ziklotan matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago, hau da, Oinarrizko Lanbide Heziketa zein Erdi eta Goi mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat, beti ere, txapelketako familia batekin lotuta badago. Derrigorrezko baldintza da partehartzaileek 2022an abenduaren 31n 23 urte baino gehiago ez izatea. Mekatronikaren eta Industria 4.0 kasuan, berriz, gehienez 26 urte izan beharko dute.