- Hamalaugarren edizioa du aurten Anoetako Euskal Jaiak. Aurreko urteetan bezala, Euskal jaien batzordea aritu da egitasmoa antolatzen, eta aurten ere egitarau oparoa prestatu dute. Euskal Jaia ospatzeko ekimena herritik sortutakoa izanik, herriko hainbat eragilek osatzen dute antolakuntza-batzordea, tartean, herriko udala.

Urtero gai bat ardatz harturik antolatzen dute Euskal Jaia, eta helburu izaten ditu herri-jakintzaren transmisioa, kultur ondarearen ezagutza zabaltzea eta euskal nortasuna, jakintza zein tradizioak ezagutaraztea. Hori horrela, aurtengo Euskal Jaietako gaia harria izango da.

Bi egunetako egitaraua antolatu dute astebururako: gaur goizean harri-bidea ekimenarekin hasiko da egitaraua: ibilbide horretan Anoetaren inguruko mugarriak eta harri-ondarea ezagutuko dituzte, tartean, karobiak eta harrobiak. Arratsaldean, berriz, 19.00etan kontzertuak hasiko dira: Habi eta Toc musika-taldeek joko dute.

Bihar, Euskal Jai egunean, hurrenez hurren egingo dituzte azoka, ekitaldia, bazkaria eta binakako pentatloia. Bazkarirako bakoitzak etxetik eraman beharko du janaria, eta baserritarrez jazteko deialdia ere egin du Euskal Jaien batzordeak.

Ostegunetik aurrera alarma-egoera amaitu bada ere, Anoetako Udalak dei egiten die herritarrei arduraz jokatzeko eta elkar zaintzeko neurriak errespetatzeko. Gogoratu musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela espazio itxietan, eta baita pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu ezin denean ere?.