- Herriko eragile eta gazteekin elkarlanean, haur, gazte eta nerabeen diagnosia eta plana egingo ditu Tolosako Udalak, etorkizuneko gazte politikak diseinatu eta zehazteko. Lehenbizi diagnostikoa egingo da datozen bost hilabeetan eta ondoren, plana garatuko da.

Joseba Ormazabal, Gazteriako zinegotziak diagnostiko eta planaren beharra azpimarratu ditu "azken urteotan eta bereziki azkenaldian gertatutako aldaketa sozial sakonek agerian jarri dute orain arteko gazte politiken diseinua eguneratzeko beharra".

Gauzak horrela, Tolosako Udalak herriko haur 0-12, nerabe 12-17 eta gazteen 18-30 egoera zein den ezagutu nahi du, aurrera begira lanean jarraitzeko lan ildoak zehazteko. "Tolosan 0-30 urte bitartean dauden herritarren egoerari buruzko diagnostiko zehatza egingo dugu ondoren beren beharrei egokitutako Gazteriako Udal Plana diseinatzeko" adierazi du Ormazabalek.

2017-2027 Tolosatzen Plan Estrategikoan jasotako lan ildoetako bati erantzuten dion egitasmoa da hau; haur, gazte eta nerabeen ikusgarritasuna, parte-hartzea, ahalduntzea eta inplikazioa, eta neska eta mutilen arteko berdintasuna eta elkar ezagu-tza sustatzea.

Prozesua aurrera eramateko Siadeco enpresaren laguntza eta aholkularitza izango ditu Udalak. Hainbat eragilek parte hartuko dute, besteak beste, kirol elkarteek, aisialdi taldeek, ikastetxeek, gizarte alorreko elkarteek, kale hezitzaileek, guraso taldeek, eta baita ere, noski, gazteek.

Haur, nerabe eta gazteak izango dira, beraz, prozesu honen erdigune eta protagonista eta gai ezberdinak jorratuko dira: partaidetza, hezkun-tza, denboraren erabilera-osasuna, aisialdia, helduekiko, familiarekiko eta herriarekiko harremana, genero berdintasuna eta kultur aniztasuna, etxebizitza, lana... herriko zerbitzu eta ekipamendu ezberdinen inguruan duten iritzia ere ezagutu nahi da eta lanketa hori guztia metodologia eta teknika ezberdinak erabilita egingo da: elkarrizketa sakonak, galderasorta elektronikoak, gazteekin osatutako talde dinamikak edota foro telematikoak, besteak beste.