- Azken edizioko arrakasta ikusita, hamalaugarrenez ospatuko da aurten Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa, euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz. Aurreko urteko nobedadeek jarraikortasuna izango dute aurtengoan ere: aurkeztu beharreko lanen gaia librea izango da eta adinaren araberako lau kategoria izango ditu lehiaketak.

Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea du helburu Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak antolatzen duten lehiaketak, euskara hutsean Euskal Herrian antolatzen den bakarrak. Aurreko edizioan 251 lan jaso ziren Euskal Herriko hamaika txokotatik; orain arteko edizio arrakasta-tsuena izan zen 2020koa.

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta komikiek landu beharreko gaia librea izango da. Ikastetxeei deialdia egin nahi diete antolatzaileek, lantzen ari diren proiektuak baliatu ditzaten komikia ere landu eta uztartzeko. Galtzaundiko teknikari Idoia Lahidalgak zehaztu moduan, "baliabide bat gehiago eskaintzen diegu ikastetxeei beraien helburu horiek betetzeko".

Kategoriei dagokienez, lau sailetan banatu dira sariak: 9 urtera artekoena (2012 jaiotakoak barne); 10-12 urte bitartekoena (2011n eta 2009an jaiotakoak barne); 13-16 urte bitartekoena (2008an eta 2005an jaiotakoak barne); eta 17 urtetik gorakoena (2004an jaiotakoak barne).

Yurre Ugarte idazleak, Unai Gaztelumendi marrazkilariak, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak eta Pili Aguado ilustratzaileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia. Azaroaren 30era arte lanak aurkezteko aukera dago Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan.