- Iazko geldialdiaren ondoren, 2021eko urriaren 10ean itzuliko da Zizurkilgo Azoka Berezia. Tradizio handiko azoka da dagoeneko Zizurkilgoa, izan ere, baserritar nahiz artisauen postuekin gozatzeko aukera bikaina eskaintzen du urtez urte.

Goizez egingo da aurtengo edizioa; 10.30ean irekiko dira ateak, eta 14.30ak arte egongo dira zabalik postuak. Azoka-gune bilakatuko da Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua.

Ohikoa den moduan, 10.30etik 15.00etara doako autobus zerbi-tzua izango da herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan: Bulandegi bideko errotondan eta Zubiaurretxon.

Auto partikularren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin eskatu nahi du Udalak. Elbarrenan, Gashor enpresaren inguruan autoa utzi, eta autobusa erabiliz gerturatzeko aukera izango da, hala ere.