Tolosa | Prest du ikasturte berria Aitzol udal euskaltegiak

Euskara ikasteko ordutegi malgua eskaintzen jarraituko du eta espazio segurua izan dadin bermatuko dute

09.09.2021 | 00:19

Tolosa – Eskaintza eta ordutegi aukera zabala eskainiko du ikasturte honetan ere Aitzol udal euskaltegiak. Irailaren 22a bitarte izena-emateko aukera dago, aurrez hitzordua hartuta.

Atzo egindako aurkezpen agerraldian, Olatz Peon alkateak nabarmendu zuen euskara ikasteko eta hobe-tzeko tolosar guztiek duten aukera eta, era berean, ezinbestekoa dela "euskararen normalizazioan eta sustapenean pausoak ematen jarrai-tzea, hizkuntza politika partekatua bultzatuz, elkarlanetik jardunez, indarrak batuta, euskararen alde". Bide honetan, eta urtero bezala, dirulaguntzak emango ditu Tolosako Udalak: B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza, C1-ekoei %50ekoa eta C2-koei %25ekoa.

Eskaintzari dagokionez, aurten ere aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak, eta eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak antolatzeko asmoa dute.

Euskaraz zabaldu aukerak da ikasturte honetarako aukeratutako leloa eta Maixabel Zubillaga euskaltegiko zuzendariak azaldu zuen bere esanahi eta zentzua: "Hizkuntza izateaz aparte, euskara kultura bat ezagutzeko modua ere badelako. Horretaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen dizkigu: sentimentala, pertsonala, lan aukerak...".

Iazko ikasturteko zalantzak eta ziurgabetasunak gaindituta, Zubillagak azaldu moduan, aurten ere prest dira "egoerak eskatzen duen modura egokitzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta, euskaltegia espazio segurua izan dadin bermatzeko".

16 urtetik gora euskara ikasi nahi duen edonork eman dezake izena: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek, osasun sailekoek, epaitegikoek, Peñascal fundazioko ikasleek, guraso taldeak.... Agiri ofiziala nahi duen edonork ere eman dezake izena, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartean.

Gogoratu dute izena emateko aurrez txanda hartzea beharrezkoa dela hilaren 22a bitarte (943 651 006 /aitzolue@tolosa.eus).

noticias de noticiasdegipuzkoa