- Irurako Kale Nagusian sortzen ziren trafiko arazoez hausnartzeko herri batzarra egin zuen Irurako Udalak ekainaren 22an. Bertan, Gea21 enpresak gaiaren inguruan egin zuen txostena aurkeztu zen. Orain lanketa horren puntu nagusiak jarri dituzte herritar guztien eskura udaletxe atarian dagoen erakusketan. Bi astez egongo da ikusgai San Migel plazan.

Bertan, Irurako trafikoaren inguruko datuak bildu dituzte eta ibilgailu kopurua, sortzen den zarata eta gertatu diren istripuen ingurukoak jaso dira paneletan. Herriko eragileen artean banatu den galdetegiaren emaitzak ere kontsultatu daitezke eta, trafikoa gutxitzeko proposamenak ere landu dituzte.

Izan ere, egunero GI-3650 errepidetik 6.000 ibilgailu pasatzen direla jakinarazi zuen Udalak. Astelehenetik ostiralera, 6.600 izatera ere iristen dira, Foru Aldundiak eginiko azken neurketaren arabera. Datu horien atzean, pertsonei eragiten dieten ondorioak daudela adierazi zuen Udalak, gainera.

Horrez gain, datozen bi ostiraletan, uztailaren 16an eta 23an, 10.00etatik 11.00etara udal ordezkariek herritarren zalantzak argituko dituzte Irurako erakusketa gunean bertan. Herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dizkiote Gea21 enpresak landutako txostenari eta ondoren azken proposamenarekin Udalak Gipuzkoako Foru Aldundira joko du.