Tolosa | Bizilabe Tolosaldea zientzia-jardueren izen-ematea ireki da

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek sustatutako 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzako aisialdi eskaintza da

08.06.2021 | 01:42

tolosa – Bigarren urtez bultzatuko dira herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekin-tzailetasuna eta sormena. Hain zuzen, Tolosaldea Garatzenek Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintzaren datorren ikasturteko edizioan izena emateko epea ireki da dagoeneko, eta ekainaren 20ra arte lehen txandan eman ahal izango da izena.

Ikasturte guztian zehar, alor desberdinetako zientzia- eta teknologia-esperimentuak egingo dituzte eta, talde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin.

2021eko urritik aurrera, 10 eta 14 urte bitarteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egin ahal izango dituzte eskualdeko bi herrietan: alde batetik, asteartetan Amasa-Villabonako Gaztegunean LH5 eta LH6 ikasturteko gazteak izango dira 17.15etik 18.45era, eta DBH1 eta DBH2 ikasturtekoak berriz, 18.45etik, 20.15era; bestalde, ostegunetan Tolosaldeko Lankide Heziketa Institutuan izango dira LH5 eta LH6 ikasturteko gazteak 17.15etik 18.45era, eta DBH1 eta DBH2 ikasturtekoak berriz, 18.45etik, 20.15era. Kuota arrunta hilean hamar eurokoa izango da eta hilero egin behar izango da ordainketa.

Ikasturte berrian izena emateko lehenengo txanda gaurtik ekainaren 20ra egongo da zabalik, eta webgune bidez egingo da. Ekainaren 20tik aurrera, berriz, libre geratu diren plaza horietan izena emateko aukera zabalik utziko da. Programa abenduaren bukaerara arte dago bermatuta momentuz, eta parte-hartzaile kopuruaren arabera jarraituko du urtarriletik 2022ko ekainera bitartean.

noticias de noticiasdegipuzkoa