- Ingurumenaren Mundu Eguna ospatu zen atzo eta Tolosak horrekin bat egin zuen. Horregatik, Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak ingurumena babesteko eta herritarren kontzientziazioa areagotzeko hainbat ekintza antolatu dituzte ekainean.

Alberto Luengo biologoak gidatutako Dama Iturri ibilbidea egingo da gaur 10.00etan, Txorre baserritik hasita. Ibilbideak osatzen duen “korridore ekologiko”-aren sei kilometroetan zehar aurki daitezkeen landare eta animalien ekosistemak azalduko dira; hain zuzen, Oria ibaitik hasita, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuraino.