Aurtengo ekimenak, Partaidetza Batzordeak -eskolako irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatzen duten batzorde mistoa da- ikasturte osoan zehar Harreman Osasuntsuen Planaren (HOP) alde egindako lana jaso du: indarkeria jokabideak identifikatuz, eta horiek guztiak azalera-tzen eta salatzen; isiltasuna apurtuz, indarkeria jasaten duen biktimaren alde jarriz; eta talde bakoitza jokabide koldarren aurrean indartuz. Horiek guztiak Gregie de Maeyer idazlearen eta Koen Vanmechelen ilustratzailearen Juul ipuina aitzaki hartuta landu dituzte.

Ipuin "krudela" bada ere, irakaskuntza munduan beharrezkoa den irakurketa bat dela adierazi zuen Olatz Urracak, Zizurkilgo Pedro Maria Otaño Herri Eskolako ikasketa burua. Bertan, Juul izeneko egurrezko panpin baten istorioa konta-tzen da. Hain zuzen, Juulek haur bat irudikatzen du, "guztiek iraintzen duten haur bat", alegia. "Ile kizkurra duenez denek iraindu egiten dute, eta ilea mozten du. Burusoil gelditu ondoren, denek belarri handiak dituela esaten diote, eta belarriak mozten ditu. Etengabeko eraso bat jasaten du, ezer gabe geratu arte", kontatu du Urracak.

LH4ko ikasleak aurkezle lanetan aritu ziren atzo antolatutako emanaldian. Bertan, ipuinaren antzerkia egitea ez ezik, familiek egindako ekarpenekin osatutako horma irudia aurkeztu zen, familiek proiektuan parte hartzeko aukera izan baitzuten. Ikasleek ikasturtean zehar osatutako lanen erakusketa gidatua ere egin zen, eta Juanjo Urruzola zizurkildarrak eraikitako Juul eskultura aurkeztu zen, besteak beste.

"Hasieran, ipuina irudien bidez soilik erakutsi zitzaien ikasleei; ondoren, hizkiekin entzun eta irakurri zuten, eta azken urratsa inflexio-puntua izan zen", azaldu du Urracak. Izan ere, liburuaren amaieran Nora izeneko pertsona agertzen da, babesaren isla dena. Otaño Eskolak, ordea, aldaketa bat egin eta pertsonaiari Adore izena jarri diola adierazi du: "Generoa kendu genion, gure eskolan denak baikaga Adore". Hori dela eta, ikasleek Adore pertsonaia irudikatzeko marrazki lehiaketan egindako lanak ere erakutsi ziren atzoko emanaldian, baita sortu zituzten ipuinaren amaiera desberdinekin osatutako bilduma ere, "ipuinak ez baitu amaierarik".

Otañoko Eskolak badu indarkeria gabeko bizikidetza erregulatzeko tresna bat: Ausarten Kluba. "Urte osoan zehar dago martxan, baina indarkeria egoera bat ematen den unean dena gelditzen da", azaldu zuen Urracak. Indarkeria jokabide bat eman bezain pronto, taldeak hori gaitzetsi behar du, eta "jarrera desegokia izan duen pertsona hori taldetik kanpo gelditzen da". Hala ere, batzuetan kontuz ibili behar dela adierazi du; ez baita "etikitetak jartzearen" kontua, pertsona horren jokabidea ez onartzea baizik. Horregatik, pertsona hori gerora berreskuratzen ikastea garrantzi-tsua dela gehitu du, "bera ere ausarta izan delako".

Irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatzen duten batzordean, Harreman Osasuntsuen Planaren baitan, sortu dute ekimena