- Hondakin organikoen bilketa bereiziaren alde aurrera pauso bat emateko helburuarekin, Tolosaldeko Mankomunitateak %100 sailkatu eta konpost bihurtu kanpaina martxan jarri du gaurtik aurrera. Hain zuzen, Amasa-Villabonako eta Tolosako establezimenduei dago bideratuta, eta "laguntza berezia" eskainiko diela azaldu zuen Mankomunitateak: "Hondakin organikoa establezimenduaren atarian bilduko duen zerbitzu berezia izango da".

Honen bitartez, ahalik eta atxikimendu gehiena jaso nahi da lau asteetan zehar, eta horretarako, hezitzaileen bisitak jasoko dituzte eskualdeko bi herrietako 300 establezimenduek.

Sistema honek, erabiltzaileari "erosotasuna" eskainiko diola azaldu zuen Mankomunitateak, doanik banatuko baitira erabiltzaileon beharren araberako kubo tamaina -40 edo 120 litrokoa- eta poltsa konpostagarriak. Hondakinen poltsak, astero hiru egunetan zehar jasoko dira establezimenduko atarian, goizeko 9.30ean.

Bisitatuko diren establezimenduetan triptiko bat banatuko da gainera, non herri bakoitzerako bilketa egunak adierazi, organikora bota daitekeenaren informazioa eta horrela biltzeak suposatzen dituen onurak aipatuko diren.

Mankomunitatearen web orrian zalantzak argitzeko, eskaerak egiteko eta beharrezko informazioa jasotzeko atala dago eskura: tolosaldekomankomunitatea.eus.