- Dantza, musika eta antzerkiaz betetako ekitaldi batean aurkeztu zuten atzo Irura Moretuz talde feminista, San Migel plazan. Emakumeen ikusgaitasuna eta ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko helburuarekin sortu da taldea. Gauzak horrela, hemendik aurrera Iruran gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde borrokatzeko tresna izango da taldea.

Ane Artola gitarra jolearen doinuek girotu zuten ekitaldia, eta Edurne Ayuso Alkizako Kultur eta Turismo teknikariak egin zituen aurkezle lanak. Hain zuzen, 2019an kokatzen dira taldearen hastapenak, Irurako lau emakumek herriko talde feminista bat sortzeko gidaritza lana hartu zutenean. Talde eragile bat eta komunikazio talde bat sortu zuten. Geroztik, lur azpiko hazia hazten joan dela azaldu zuen Ayusok, eta azkenean, loratu da: "Loratu da Irura Moretuz taldea. Irura Moretuz talde feminista sortu da, eta sortu dugu, itxaropenaren kolorearekin. Kolore berdearekin lotu izan dugu Irura, baina Irura morea ere bada eta guztion artean moretuko dugu".

Belaunaldi desberdinak biltzen dituen talde "indartsua" sortu dela adierazi zuen teknikariak. Horren isla izan ziren atzo, Intza Artola, Elene Diez, Naroa Goenaga eta June Murua herriko lau gaztetxoek eskaini zuten dantza emanaldia, baita Iratxe Ramirezek egindako antzerkia ere.

Herritarren parte hartzea ere izan zen nagusi. Izan ere, oihal zuri eta luze baten gainean, esaldi edo hitz baten bidez, Irura Moretuz talde berria irudikatu zuen bakoitzak. Amaieran berriz, pankartaren inguruan jarri eta "Irura feminista baten alde" aldarrikatuz, elkarrekin egin zuten topa.