- Maiatza Saltsan egitasmoa aurkeztu zuten atzo. Zizurkilgo Udalak eta Teodoro Hernandorena kultur elkarteak elkarlanean antolatutako egitaraua izango da aurtengoa, eta mugarriak izango ditu ardatz. Guztira hamaika ekintza antolatu dituzte Zizurkilgo mugarri eta herriko txokoak ezagutzeko helburuarekin.

Hernandorena kultur elkartea, Aranzadi zientzia elkarteko Yoseba Alonso eta Jabi Castrorekin osatu zuten lantaldea duela urtebete, Zizurkilgo mugarriak sakonago aztertzeko. Proiektuan zehar, hainbat "paraje ezezagun" aurkitu zituztela kontatu zuen Joxin Azkuek, Hernandorena Kultur Elkarteko kideak, eta horiek ezagutzeko bi ibilbide antolatu dituzte egitasmoaren baitan.

Lehena, Zizurkilgo Iparraldekoa izango da, maiatzaren 2an, 9.00etan Joxe Arregi eta Pello Mari Otaño plazetatik Zarateko Bentaraino kotxez abiatuta. Bertan, "dozena bat" mugarri ikusiko dituztela azaldu zuen Azkuek: "Zizurkil, Usurbil eta Aiako mugarritik, Orreagako 1389ko mugarriraino". Bigarren ibilbidea berriz, Zizurkilgo Hegoaldekoa izango da, maiatzaren 15ean, 10.30ean Joxe Arregi plazan. Bertan, Villabonako hamar mugarriak ikusi ahal izango dira.

Gainera, Aranzadi elkartekoek Zizurkilen dagoen 1389. urteko dokumentuaren bigarren zatia Orreagan topatu zutela jakinarazi zuen Azkuek, eta xehetasunak aurrerago emango dituztela adierazi zuen.