- Aurten Txapelaundi txarangak 75 urte betetzen ditu, nahiz eta aurten ez da ez txarangarik, ez zezenik ezta mozorro dantzarik ere pandemiaren eraginez. Hori dela eta, Casino elkarteak bere eraikinean jartzen duen irudia eguneratu nahi izan du.

Pandemia egoera dela eta, aurten ez dira Inauteriak ospatuko eta Tolosako Udalak herritarrei deia egin nahi izan die “modu arduratsuan” joka dezaten. Tolosarrei neurriak errespeta ditzaten eskatu zaie eta kanpokoei, berriz, Tolosara ez etortzeko deia egin zaie “festarik ez delako egongo”.

Herritar askok jai izango dutenez, Usabal kiroldegia eta Topagunea zabalik egotearekin batera, kultur eskaintza aregotu du Udalak.

Inauterien inguruko erakusketa antolatuko da eta hainbat eragilek denbora honetan hainbat ekimen prestatu dituzte, online eskainiko direnak, edota Leidorren, babes neurri guztiak bermatuta.

Horietako bat izango da Galtzaundiren 30. urteurrenaren harira Zaldunita egunez Leidorren antolatu den kontzertua. Et Incarnatus orkestrarekin batera hainbat tolosar ezagun eta musikari izango dira oholtza gainean. Sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai Galtzaundiren egoitzan 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara (bazkideen-tzat 15 euro eta gainontzekoentzat, 17).