Alkiza | Erretore etxea erosi eta berritzeko asmoa du Alkizako Udalak

Aurtengo udal aurrekontua %39 handitu da eta inbertsioen atala hirukoiztu egin da, 370.000 eurorekin

03.02.2021 | 01:15
Alkizako Erretore etxea. Argazkia: Inaki Xabier

Alkiza Alkizako Udalak onartutako aurrekontuak, oro har, iazkoen ildotik doaz, inbertsioen atalean izan ezik. Atal hori hirukoiztu egin da eta 370.000 euroko inbertsioak egingo dira. Aurrekontua guztira 838.202 eurokoa izango da, iazkoa baino % 39 handiagoa.

Hiru izango dira inbertsio nagusiak. Alde batetik, Erretore-etxea erosi eta berritu nahi du Udalak eta horretarako, 250.000 euroko kreditu baten bidez finantzatuko da. Bestetik, Plan Orokor berria egiteko 35.000 euro gorde dira, nahiz eta GFAren diru-laguntza espero den. Azkenik, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBEn) biodibertsitatea zaintzeko eta indartzeko hainbat interbentzio egingo dira. Gastua ia 59.000 eurokoa izango da eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin finantzatuko da. Motordun ibilgailuak noiz ibil daitezkeen pistatik kanpo arautuko da. Pistatik kanpo zirkulatzea debekatuta egongo da, baina salbuespenak egon litezke, abeltzaintza eta nekazaritza-lanei lotuta.

Aurrekontuei dagokionez, Inaki Irazabalbeitia alkateak zera adierazi du: "Erretore-etxea erostea ahalegin ekonomiko handia izango da, baina ezinbesteko inbertsio moduan ikusten dugu. Eraikin hau oinarri da euskara-barnetegia berreskuratzeko eta turismo jasangarriarekin lotutako jarduera ekonomikoak garatu ahal izateko".