Tolosa - Amaitu dira Uzturpe pilotalekuko estalkia eraberritzeko lanak. Itogin arazoei eta elementuen erorketei konponbidea ematea izan dute helburu obrek eta, horretarako, hegoaldeko fatxadaren zati bat ere berritu da. Azaroan hasi ziren lanak eta 151.842,67 euroko aurrekontua izan dute.

Gauzak horrela, ohiko kirol jarduera berreskuratzen hasi dira kirolariak. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak osasun krisiaren harira hartutako erabakien baitako erabilera emango zaio Uzturpe pilotalekuari. Tolosaren inzidentzia tasa (100.000 biztanleko), momentuz, 500dik beherakoa denez, berriz jarriko da martxan eskola kirola, gehienez sei pertsonako taldetan, eta banakako kirola egin ahal izango da Uzturpe pilotalekuan.

Cubertect SL enpresa arduratu da lanak gauzatzeaz. Frontoiaren goikaldea osorik berritu da eta hegoaldeko fatxadaren zati bat ere bai.

Azken denboran frontoiko estalkiak etengabeko konponketak behar zituen eta azken eurite eta haizeteen ondorioz, egoerak okerrera egin zuen, eta beraz, eraberritze lanak are eta beharrezkoagoak bilakatu dira. Tolosako Udalak premiazkotzat jo zuen proiektua lehenbailehen aurrera eramatea erabaki zuen arazo gehiago saihesteko.

Obra hauen bitartez frontoiko itxitura guztiz eraberritu da behin betiko irtenbidea emanez egungo arazoei.