- Bizikidetzarako horma irudiak proiektua lantzen ari dira Anoetako Herri Ikastolako DBHko hirugarren mailako ikasleak eta zortzi irudi marraztu dituzte Mikelasagasti auditorioan.

Elkarbizitzaren gaia gazteekin lantzeko proiektu hau jarri zuen martxan Anoetako Udalak. Anoetako Herri Ikastolako DBH3ko ikasleak izan dira parte hartzaileak eta euren ideiak hormara eramaten lagundu die Txitxi Orbegozo artistask.

Bizikidetzarako hormairudiaren proiektua herriko gazteekin sustatua izan da, eta hainbat balore landu dituzte bertan. Pertsonen arteko elkarbizitza eta baita ama lurrarekiko elkarbizitza ere. Modu honetara, besteekiko zein naturarekiko errespetuaz sentsibilizazio ariketa bat izan da horma irudia irudikatzea.

Irudietan jaso bezala, pertsonen aniztasunaz eta aske izateko eskubideaz ere hausnartu dute gazteek. Anoteako Udalarentzat, “herriko gazteek pentsamendu kritikoa eta izaera askea garatzea” oso garrantzitsua da, gure herriaren etorkizuna baitira oraingo gazte hauek.

Orotara, zortzi irudi dira guztira eta guztiak dira 14-15 urteko gazteek erabakitakoak. Eskola jazarpena, basoetan izaten diren suteak, kutsadura, arrazakeria, bikote harremanak edota genero markarik gabeko janzkeraren aldeko aldarriak eraman dituzte horma irudira.

Bizikidetzarako horma irudiak proiektuak bere baitan helburu asko biltzen ditu: pareta bat eraldatu, txukundu eta apaintzea; gazteak elkarrekin elkarlanean aritzea; artista baten laguntzarekin horma irudi bat nola margotzen den ikastea; eta ondo pasatzea.

Ikertze elkartearen bidez bideratu da proiektua eta Anoetako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finan- tzatu dute.