- COVID-19aren pandemia iritsi zenean ikasleak Alkizako Eskola Txikiaren eraikin berrian sartzeko prest ziren, 2020ko martxorako lanak bukatuak zaudelako. Aurreko asmoak bertan behera gelditu arren, 2020-2021 ikasturtean estreinatu dute Alkizako Eskola Txikiaren eraikin berria eta atzo egin zuten bisita Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa sailburuordeak.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 49 neska-mutil (2 urtetik 12 urtera bitartekoak) daude gaur egun bertan. Hezkuntza Sailak 1.509.619,62 euroko inbertsioa egin du, BEZ barne, eskola berria eraikitzeko lanetan.

Horrela, Alkizako eskolak espazioak handitu ditu bi solairu gehiagorekin eta eraikin zaharrean igogailurik ez egoteak zekarren irisgarritasun-arazoa ere konpondua gelditu da. Eraikin berriak lau solairu ditu eta denera 824,44 metro koadroko azalera duen eraikina sortu da, herriko plazan bertan, eskola zaharra zegoen orube berean.

Jokin Bildarratzek eskola txiki publikoek jokatzen duten papera eta duten izaera berezia nabarmendu nahi izan zuen atzoko bisitan. “Eskola hauetan adin ezberdinetako ikasleak taldekatzen dira, landa inguruan eta herri txikietan ezinezkoa baita askotan adin bereko ikasleekin ikasgelak sortzea, baina herrian bertan hezteko aukera ematen dute”, esan zuen. Euskal Hezkuntza Sisteman 54 eskola txiki daude gaur egun eta 2.900 ikasle inguru dituzte.

Eraikuntza lanak irizpide bioklimatikoei eta jasangarritasunari jarraituz egin dira eta egurra aukeratu da eraikuntza-material nagusi gisa. Barruan, aldiz, espazio zabalago eta argitsuagoez gain, gela eta areto guztiek zarata xurgatzen duten panelak dituzte sabaietan; berogailuak biomasa-errekuntzaren bidez funtzionatzen du (pellet-galdararekin) eta beroa lurzoru erradiatzailearen bidez banatzen da eskolan.