- 50 saltokik parte hartuko dute Amasa-Villabonako Udalak martxan jarriko duen bigarren kontsumo bonoen kanpainan. Bihar jarriko dira salgai dendetan eta urtarrilaren 5a bitarte erabiltzeko aukera izango da.

Beatriz Unzue alkateak atzo argitu moduan, kanpaina honek badu bereizgarri bat, izan ere establezimendu guztiek izan dute parte har-tzeko aukera, baita zerbitzuek ere. "Ile apaindegiek, fisioterapia zentroek, arrandegiek, okindegiek, harategiek... parte hartuko dute", esan zuen.

Oria merkatari elkartearekin adostu ditu Udalak kanpainaren nondik norakoak eta orotara 32.000 euroko inbertsioa egin du. Guztira. 1.500 bono-txartel eta 10.500 bono indibidual jarriko dira zirkulazioan. Horrela, saltoki bakoitzak 30 bono-txartel izango ditu salgai.

30 euro ordainduta 50 euroko balioa duen bono-txartel orri bat eskuratuko da. Beraz, bono-txartel bakoitzarekin erosleari 20 euroko ekarpena egingo dio Udalak. Bono-txartel orri horrek zazpi bono indibiduak izango ditu: hamar euroko hiru bono eta bost euroko lau. Saltokietan erosiko dira eta dendaren izenarekin identifikatuta egongo dira.