- Memoriaren Eguna dela eta, Tolosako Pizkundearen plazan ekitaldi xume bezain berezia egin zen atzo. Herritar guztiei, batez ere, belaunaldi berriei, gonbitea egin zieten udalean ordezkaritza duten talde politikoetako ordezkariek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) "gure gizarteak azken urteetan jasandako indarkeriaren eta heriotzaren historia ezagu-tzeko eta ez ahazteko".

Ekitaldian izan ziren Olatz Peon alkatea, Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko ordezkaria eta PSE-EEko Joxe Mari Villanueva. Tolosan eraildako pertsonak edo Tolosatik kanpo eraildako tolosarrak gogoratu nahi izan zituzten. Horietatik 22 ETAren adar ezberdinek eta CCAA erail zituzten eta beste laurak, Estatuko segurtasun-indarrek eta haien ingurukoek (GAL, BVE). Bestalde, ezin ahaztu auto istripuz kartzelara zihoazela hil ziren Tolosako presoen hiru senitartekoak.

Hildakoez gain, oinarrizko giza eskubideen urraketak jasan dituzten beste biktima guztiak ere ez zituzten ahaztu. "Horrenbeste biktima eragin dituen indarkeria bidegabea izan dela aitortu nahi dugu eta biktima guztiei gure elkartasuna eta hurbiltasuna adieraztearekin batera, egia, justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzen dugu biktima guztientzat", esan zuten.

Era berean, atzoko hitzorduak "elkarrizketa plurala eta inoiz errepikatu behar ez den iraganari buruzko hausnarketa kritikoa sustatzeko" balio dezan nahi dute.

Horrela, alderdi politikoek onartutako adierazpenean aldarrikatzen da bizitza, giza duintasuna eta giza eskubideak beste edozein kausa, ideia politiko edo estatu-arrazoiren gainetik daudela; abiapuntua dela elkarri entzutea eta biktima guztiek izandako min, sufrimendu eta bizipen guztiak aitortzea; indarkeria adierazpenak eta giza eskubideen urraketak ez direla justifikatu behar; giza eskubideak urratzen dituen edozein ekintzak Tolosako udal ordezkarien oposizioa izango duela; eta, azkenik, Euskadiren oraina eta etorkizuna bide baketsu eta demokratikoetan oinarritzea nahi dutela aldarrikatu zuten.