- "Piparraren inguruan arlo teorikoan zegoen hutsunea betetzera dator Josu Ozaita etnografo ibartarrak idatzi duen Piparra liburua. Orain dela bi urte sortu zen Ibarrako Piparraren Mahaia izan zen egitasmoaren mugarria, nahiz eta lehenagotik ere bazen liburua idazteko ideia. Ibarrako Igor Zapirain alkatearen hitzetan, "Ibarrako Piparrak bere bueltan eta historian zehar batu duen guztia balioan jarri eta zabaltzea da liburu honen helburua".

Duela zenbait urte piparraren zabalpenean laguntzeko sortu zen 789 elkarteak piparraren oinarri teorikoa, historia biltzeko beharra azpimarra-tzen zutena eta, garai hartan Josu Ozaita Antropologia ikasketak amai-tzen ari zenez Ozaita, gradu amaierako lana Ibarrako Piparra antropologia ikuspegitik egitea erabaki zuen.

Lan hura izan da liburuaren abiapuntua. Josu Ozaitak piparrak azken urteotan izan duen garapenari buruz hausnartu du: "Baratze herria da Ibarra, herriaren erdigunean baratzeak daude. Eta baratze horretan, azken hamarkadetan piparrak hartu du protagonismoa. XX. mende hasieran baratzaren iskin batean, perejila moduan, gorritu arte uzten zen piparra. Ondoren, garrafoietan sartzen hasi ziren, eta oso aspaldikoa da San Bartolome egunean herriko tabernetan dastatzeko ohitura ere. Ondoren etorri ziren langostino hitza, Eusko Labelean sartzea eta herriko motor kulturalean bilakatzea. Piparra da Ibarra mapan jarri duena, Ibarra ezaguna bada, piparrarengatik izan da".

Liburua bost eremutan banatzen den ikerketa lana da. Marko teorikoan, batez ere elikagaien antropologia lantzen duten bibliografia erabili du. Bestetik, elkarrizketa bidezko ezagutza jaso du, baratzainekin, herritarrekin, pipar produktoreekin izandako berriketaldiei esker. Hausnarketa dinamikak eta behaketa-lanak ere egin ditu egileak. Era berean, liburuan jasota daude ekoizleen istorioak eta biltzaileenak ere bai, "ikusezinak" izenarekin.

Ibarrako Piparraren zabalpen gastronomikoago batean lagungarri izan daitezkeen 32 errezeta ere jaso dira argitalpenean, azken pintxo lehiaketetako irabazleenak.

Liburua Ibarrako lau saltokitan (Barriola Harategia, Bitxori Frutadenda, Txumitxa Taberna eta Zubiaurre Taberna) egongo da salgai urriaren 19tik aurrera, zortzi euroren truke.

Ibarrako Piparrak bere bueltan eta historian zehar batu duen guztia balioan jarri eta zabaltzea da liburuaren helburua