- Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, oinarrizko produktuen bigarren bilketa herrikoia abiarazi du aste honetan herrian. Egoera ekonomiko larria bizi duten horientzat lehenengo mailako produktuak biltzea da ekimen solidario honen helburua. Bihar larunbatera arte luzatuko da egitasmoa.

Egunerokotasunean sortzen diren beharrei aurre egiteko produktuak bildu nahi ditu Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, baina batez ere, oinarrizko elikagaiez gain, higiene produktuak azpimarratu nahi ditu, higiene pertsonalerako zein etxea garbi-tzeko produktuak.

Higiene produktuen artean eskatu dituzte xanpua, bainurako gela, pixoihalak, konpresak, detergentea edo lixiba; eta oinarrizko elikagaiak ere behar dituzte; hala nola, olioa, lekaleak, kontserbak, pasta eta arroza, esnea edo gailetak. Eskola-materialari dagokionez, arkatzak, boligrafoak, koadernoak, pinturak, borragomak eta zorrozkailuak eskatu dira.

Aste egunetan herriko hainbat komertziotan jarritako kutxetan utzi daitezke produktuak, eta bihar, larunbata, Eroski eta BM supermerkatu atarietan propio prestatutako guneetan egin daitezke ekarpenak.

Egoera ekonomiko larria bizi dutenak eta bazterketa arriskuan dauden herritarrak laguntzeko elkartasun dinamika herritarra da Amasa-Villabonako Elkartasun Sarea. Edonork parte hartu dezake boluntario bezala eta taldera batzeko 627 364 521 telefono zenbakira deitu behar dute interesatuek.