. Aste honetan ospatuko ziren Alegiako jaiak COVID-19ak mundua hankaz gora jarri izan ez balu. Herriari egun hauetan kolore apur bat emateko helburuarekin, Festa batzordeak balkoi dotoreena aukeratzeko lehiaketa egin du.

Aurreko urteetan ere egin izan da lehiaketa, baina aurtengoak ezberdintasun bat izan du. Beste urteetan loreak hartzen ziren ardatz modura eta aurten Alegiako festak 2020 izan da balkoiak apaintzeko gaia. Izena emateko beharrik gabe, epaimahaia osatu duten Festa batzordeko kideak uztailaren 13an pasa ziren herriko kaleetatik balkoiak ikuskatzera eta guztien artean, Marta Iraolarena eta Ibon Azpilikuetarena izendatu zituzten dotoreenak bezala. Kolore ezberdinekin jantzi dute balkoia bi kasuetan eta horrek balio izan die bina lagunentzako afari bana irabazteko Eizmendi eta Txintxarri jatetxeetan.

Gogoratu dute Elorri futbol zelaia herritarrek erabiltzeko moduan dagoela. Erabili nahi dutenek hitzordua hartu beharko dute aurrez eta erabili ahal izateko zenbait baldintza bete behar dira.

Aurrez hitzordua hartu behar da 943 654 698 telefonora deitu behar da 10.00etatik 13.00era edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi ordua hartzeko. Hitzorduak hartzeko, erabili nahi den astearen aurreko asteko ostegunera bitarteko epea egongo da.

Astelehenetik ostiralera 16.00etatik 20.30era egongo da erabilgarri. Kultur etxeko harrerara joan eta arduradunari iritsi garela jakinarazi beharko zaio giltza hartu ahal izateko. Identifikazio dokumenturen bat eramatea gomendatzen da. Saioaren amaieran giltza kultur etxera itzuli beharko da. Ordu eta erdiko txandak izango dira. Zelai erdia erreserbatzen bada, aldiko gehienez hamar pertsona egon daitezke eta osoa erreserbatzen bada, aldiz, 22.

Elorri futbol zelaia erabilgarri dago herritarrentzat Alegian, baina derrigorrezkoa da aurrez hitzordua hartzea