- Beste sei hilabetez errefusaren edukiontzia mantentzea erabaki dute Anoetako Udala osatzen duten EH Bildu eta EAJ alderdiek, abendura bitarte. COVID-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz ezarri ziren kutsatuta edo berrogeialdian zeuden etxeetan ez birziklatzeko agindua zutelako, eta orain epe batez edukiontziak mantentzea erabaki da. Hala ere, sentsibilizazio kanpainak egingo dira, azken hilabeteotako birzikalpen datuak okertzera egin baitute.

Izan ere, 2020. urtea %74,05eko gaikako bilketarekin hasi zuten Anoetan, baina apirilean eta maia-tzean, azken urteetako emaitzarik baxuenak izan dituzte: %61,34 apirilean eta %62,97 maiatzean. EH Bildu eta EAJko ordezkariek atzo egindako agerraldian adierazi zuten "kezka" sortzen dietela azken bi hilabeteetako gaikako bilketaren datuak, "onak ez direlako".

Gauzak horrela, adierazi dute "ahalik eta daturik onenak lortzea dela guztion helburua eta helburu hori lortu ahal izateko konpromisoa hartu behar duela Udalak eta baita herritar bakoitzak ere".? Bestalde, uste dute zazpi urte hauetan kalean zabor-poltsak uzteko joera "egonkortu" egin dela eta honek "elkarbizitza, garbitasun eta osasun arazoak" ekarri dituela. Horrela, behar ez den lekuan eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor poltsa horiek desagerraraztea lehentasunezkoa dela adierazi dute bi alderdietako ordezkariek. Bide batez salatu dute pandemiaren garaian, gehienak desagertu diren arren, guztiz ez direla desagertu.

"Mundu mailako pandemia honek begi bistan utzi digu gure osasuna guztiz lotuta dagoela planetaren osasunarekin eta horrek udal bezala dagozkigun neurriak hartzera eraman behar gaitu. Baina, bestalde, bizi izan dugun salbuespen egoera honek hondakinen gaiarekin sortu izan diren elkarbizitza eta osasun arazoak bideratzeko aukera eman digula uste dugu", azaldu dute.

Beraz, errefusaren edukontzia sei hilabetez mantentzearekin batera, hondakinen sentsibilizazio kanpainak indartzea eta jarraipen zorrotza egitea adostu da. Alde batetik, edukiontzietako hondakinak behar bezala sailkatuta dauden jakiteko azterketak egingo dira eta, bestetik, tokiz kanpo agertzen diren poltsei zuzeneko jarraipena egingo zaie. Errefusaren edukiontziak jarrita gaikako bilketaren datuak okertzen badira, berriz ere, errefusa atez ate biltzera itzuliko da Anoeta.