Bizilabe zentroak irekiko dira Tolosan eta Villabonan


30.06.2020 | 03:15
Bizilabe tailerretako bat. Argazkia: Bizilabe

Tolosa – Tolosaldeako gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena landuko dute Bizilabe aisialdi-eskaintzari esker. Parte-hartzaileek proiektuak landuko dituzte tailerretan, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetan profesionalak diren emakumeen eta hezitzaileen laguntzarekin, haien gaitasunak garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko.

Proiektuaren helburuetako bat da eskualdeko industria sektorea sustatzea, eta bestetik, teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sor-tzeko apustua egitea.

Bizilabe, Elhuyarrek 2011tik martxan duen gazteentzako ikerketa zentroen sarea da. Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debebarreneko herrietan du eskaintza, eta 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldera iritsiko da.

Proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan irekiko dira Bizilabe zentroak, Tolosan eta Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri duen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak eta, Villabonako kasuan, Gaztelekuan egingo dira. Bietan eskaintza bera izango da.

Dagoeneko zabalik da izen-ematea Bizilabe Tolosaldearen web gunean. Guztira, 30 plaza eskainiko dira Tolosan eta beste 30 Villabonan. Izen-emateek eskainitako plaza kopurua gaindituz gero, itxaron-zerrenda osatuko da. Informazio gehiagorako eta zalantzak argitzeko, https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/tolosaldea web orria kontsulta daiteke, ? bizilabe.tolosaldea@gmail.com helbidera idatzi edo 688 632 691 telefonora deitu.