Traste zaharren bilketa egoki egiteko deia

Villabonako Udalak herritarren jokera arduragabea antzeman du eta salatu du kaleak zikinak daudela azken egunotan

29.06.2020 | 00:41

Villabona – Azken asteotan Villabonako traste zaharren bilketa zerbitzuaren erabilera okerrera joan dela ikusi du Udalak, jendearen jokaera arduragabeengatik traste zaharrak ez diren hondakinak edozein egun eta edozein modutan utzita topatu dira kalean. Salatu dutenez, "kaleak zikinak daude eta arriskutsuak izan daitezkeen hondakinak topatu daitezke kalean".

Horregatik, gogoratu dute Villabonan traste zaharrak ateratzeko eguna asteazkena izaten dela, eta erabiltzaileek hondakin handiak edukiontzien ondoan utzi behar dituztela gaueko 20.00etatik 22.00etara. Oso garrantzitsua da ordutegiak eta egunak errespetatzea bilketa puntuak edota kalea garbiak mantentzeko. Aldez aurretik eskaera Tolosaldeko Mankomunitatera deituz (943 676 216) edo web orriko eskaera orria betez egin behar da (www.tolosaldekomankomunitatea.eus).

Traste zaharren bilketan honako hondakin hauek atera daitezke: altzariak, koltxoiak, linea zuriko etxetresna elektrikoak (hozkailuak, garbigailuak, etab.) eta linea gris-marroiko etxetresna elektrikoak (telebistak, ordenagailuak, etab.). Zuzenean garbigunera eraman behar dira, ordea, obra-hondakinak, neumatikoak, pintura poteak eta hondakin arrisku-tsuak. Tolosako San Blaseko Garbigunea zabalik dago astelehenetik ostiralera 9.00etatik 14.00etara eta 15.00etatik 17.30era, eta larunbatetan 9.00etatik 13.30era. Andoaingoa, aldiz, 9.00etatik 12.30era eta 16.00etatik 19.00era dago zabalik, eta larunbatetan, 9.00etatik 13.30era.