- Asteasun egoera berrira moldatzea erabaki dute eta egun bakarreko ospakizuna prestatu dute San Pedro jaiak egiteko. Bihar, ekainak 29, hainbat ekitaldi izango dira herrian.

San Pedro eguna izango da festa eguna, baina segurtasun neurri guztiak bete beharko dituzte herritarrek. COVID-19ak eragindako egoera bereziaren aurrean, ikuskizun guztiak herriko plazan egingo dituzte. Jendeak eserita egon beharko du bertan jarriko diren aulkietan, distan-tziak mantenduz.

Hala, goizeko lehen ekitaldia 10.00etan izango da, txistularien dianarekin. Ondoren, 11.00etan familientzako emanaldia iragarri dute, hodei magoaren ikuskizuna. Horren ondoren, 12.00etatik 13.30era, herriko musikarien emanaldia izango da, trikitilariek eta txistulariek emanaldia eskainiko dute. Ondoren, 13.30ean herri kirol ikuskizuna antolatu dute. Bertan parte hartuko dute Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi Txikia aizkolariek; eta, Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi Urra eta Udane Ostolaza harri-jasotzaileek.

Arratsaldean ere beste bi ekitaldi antolatu dituzte. 17.00etan Meliora taldeak emanaldia eskainiko du eta ondoren, 19.00etan, bertso saioa izango da. Bertan parte hartuko dute Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Haritz Mujika bertsolariek eta gai-jartzaile lanetan izango da Amaia Agirre.

Asteasun egun bakarreko festak izango dira, baina beste herri askotan ez antolatzea erabaki dute. Leaburun, esaterako, ez da San Pedro festarik ospatuko eta Abaltzisketako Larraitz auzoan ere ez.

Ibarran ere erabakia hartua dago: aurten ez da San Bartolome jairik izango. Osasun egoerarekin "arduratsu" agertu dira batzordean parte hartzen duten eragileak eta jaiak antolatzeak izan ditzakeen arriskuez hausnartu dute. Udalak bat egin du erabakiarekin eta irailaren 3an berriz biltzeko adostasuna lortu dute, udazkenera begira beste ekitaldirik antolatu daitekeen eztabaidatzeko.